Category: Nekazaritza

Garapen ekonomiko orekatuagoa posiblea delako

Mai 17 2011
03Gorka

Neoliberalismoaren eta joera globalizatzaileen krisiak agirian utzi du herri, hiri eta herrialde guztiak ezin direla berdinak izan eta arlo berean jardun. Aberastasuna ezberdin egiten gaituen horretan dago. Zentzu horretan, Artziniega konturatu behar da bere izaera, landa-eremuko abantaila dela.

Ildo horretan, Artziniegan konturatu behar dugu duen izaera, landa-eremuko herria izatea industriaren pisu handirekin eta goraka doan hirugarren sektore batekin, abantaila dela, zenbat eta aniztasun ekonomiko gehiago izan, orduan eta autosufizientziarako gaitasun handiagoa izango dugu eta.

Hori dela eta, lehen sektorea bultzatzea izango dugu helburu. Artziniegan eta bere inguruan baserri-izaera neurri handi batean galdu egin da, eta beharrezko da lehen sektorearen pisua areagotzea. Gainera, nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak hainbat eboluzio izan ditu azken hamarkadetan, eta horregatik, lehen sektore moderno eta gazte bat sustatu behar da. Nekazaritza-jardueretan hasi nahi duenak laguntzak izatea sustatzea aztertuko dugu.

Industriari dagokionez, industria-sarean dibertsifikazioa bultzatzea da gure asmoa. Industriaren sektore zehatz baten menpe egoteak ahulago egiten gaitu krisiaren aurrean, eta enpleguak jasaten duen eragina larriagoa izan daiteke. Zenbat eta jende gutxiago joan udalerritik kanpora lan egitera, hobe. Herritar gehienak bizi diren lekutik hurbil lan egitea ahalbidetuko duen ekoizpen-sare bat eduki behar da. Zikloaren itxieratik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta bizi-kalitate hobea izango dugu. Energiaren arloan, energia-ekoizpen propioa izateko moduak aztertuko ditugu (mikroaerosorgailuak, panel fotoboltaikoak…), menpekotasunik ezarantz urratsak eginez.

Tokiko kontsumoaren alde egitea ezinbestekoa da. Tokiko ekoizpena eta produktuen tokiko kontsumoa babestuko dugu, eta ekoizleak eta kontsumitzaileak harremanetan jarriz. Aldi berean, komertzio txikia babestuko dugu, merkatarien elkartearekin lankidetza estua izanda.

Krisi garai latz honetan, ez diogu inori mirarik saldu nahi; baina indar egingo dugu enplegurako prestakuntzak duen garrantzian, eta herritarrak kontzientziatu behar ditugu norberarentzako eta komunitatearentzako lanak dituen onurez, Ekonomia sozial eta kooperatiboa bultzatuz

Azken batean, Artziniegako garapen ekonomikoa modu osoan eta globalean ikusten dugu, eta jakina, gastuarekin zorrotzak izango gara, denboraz eta modu eragingarrian planifikatuz. Gauza asko egin daitezke diru gutxirekin eta gizartearen ahalmena baliatuz.