Category: Hirigintza

Geltoki Plazako aparkalekua dela eta (futbol zelai zaharra)

Aza 09 2012

Ostegun honetan, azaroak 15, Geltoki Plazako aparkaleku berria egokitzeko lanak hasi dira. Bertan, autoak uzteko 50 plaza atonduko dira. Lanek 117.000 euroko kostua izango dute eta gehiena Aldundiaren eta bestelako organismoen kanpoko ekarpenekin ordainduko da. 2013rako, berriz, beste aparkaleku bat egokituk oda Arteko Aldapan, Jauregia auzoa eta Ubaltorre kaleen artean . Horrek 40 ibilgailuentzako lekua izango du. Bi aparkaleku horiek eraikitzeak zerikusi zuzena du bai udalerrian dagoen aparkaleku eskasiarekin, bai alde Zaharreko trafikoaren erregulazioarekin. Konturatuko zinatenez, erregulazioa atzeratzen ari da, eta EAJk oraindik ez du azaldu zergatik.

Futbol zelai zaharrean hasi den lanak, 50 aparkaleku horietaz gain, gune bat utziko du etorkizunean umeentzako ekipamenduak jartzeko. Ingurua, era berean, atondu egingo da: belarra erein, aparkalekua mugatzeko zuhaitzak ipiniko dira, argi-puntuak ezarri eta abar. Arazoa da, berriro ere, udalak ez duela informazio nahikorik eman eta auzoko gehienek honen berri izan dutela hondatzaileak sartu diren egunean bertan. Nahasmena oso handia izan da eta dena udalak ez duelako ematen herritarrek behar duten informazioa. Onartezina da goizekoz ortzietan lanak hasi eta arratsaldeko hiruretan abisuak jartzea etxeetan. Artekaleko lanekin berdin gertatu zen, makinak kalea altxatzen hasi zirenean auzokoek horren berri izan gabe. EAJk harri berberarekin egiten dut opo, baina hala nahi duelako.

Bitartean, urriaren 17an Bilduk hainbat galdera erregistratu zituen, jakin nahi dugulako, besteak beste, zergatik atzeratzen ari den Alde Zaharreko trafikoa erregulatzeko ordenantza indarrean sartzea. Irekitzeko eta ixteko sistema instalatu behar duen enpresa ez da hemendik agertu uda aurretik. Udal-gobernuak ez digu oraindik erantzun.

EAJk, Bilduk eta PPk Alde Zaharreko trafikoa erregulatzeko ordenantza adostu dute

Ots 21 2012

Astelehen honetan egindako Hirigintza Batzordearen bileran, EAJk, Bilduk eta PPk udalerriko oinezkoen alderdi historikoan trafikoa erregulatzeko ordenantzaren testua adostu dute. Otsaileko azken osoko bilkuran, Bilduk EAJri eskatu zion lehenbailehen eztabaidatzeko azaroan alkateak emandako zirriborroa, ordutik ez geneukalako horren berri. Ohartarazpen horri esker, EAJk bilera hau deitu du, kontuan izanda datorren astean alde zaharreko sarreretan piboteak ezartzeko lanak hasiko direla. Dena dela, ez da indarrean sartuko hilabete batzuk barru, onartu ostean.

Hiru alderdiek testua adostu ostean, Merkatarien Elkarteko eta Urizahar alde historiko auzo-elkarteko ordezkariei harrera egin zitzaien, ordenantzaren nondik norakoak azaltzeko eta euren lehenengo iritziak jasotzeko. Hemendik aurrera, testua helaraziko zaie aztertu dezaten eta ahalik eta lasterren euren iritziak edo proposamenak egin ditzaten. Hortik aurrera, udaleko taldeek iritzi horiek aztertu eta azkenik testua udalbatzara eramango da onetsia izan dadin. Hala ere, herritar guztiek ordenantza kontsultatzeko eta alegazioak egiteko epe bat ere zabalduko da.

Laburbilduz, ordenantzak ezartzen du Alde Historikoa trafikorako zabalik egongo dela 6:00etatik 16:00etara astelehenetik ostiralera, eta 6:00etatik 14:00etara larunbatetan. Hau da, asteburuan larunbat goizez baino ez da trafikorako zabalik egongo. Sartzeko txartela daukatenek, ostera, sarbide librea izango dute: etxebizitza, denda edo garaje baten jabe direnek eta jabeak izan ez arren bertan bizi direnek. Ibilgailurik ez duten bizilagunek txartel bakarra eduki ahal izango dute, eta ibilgailu bat edo gehiago daukaten familiek txartel bana izango dute ibilgailuko, gehienez hiru txartel eduki ahal izango dituztela. Dena dela, kasu ezberdin guztiak ordenantzan jasotzen dira. Edozelan ere, lehentasuna emango zaie erroldatutako pertsonei eta euren ibilgailuak udalean altan emanda dituztenei.

Ordenantzak ezartzen du ,era berean, aparkatzeko guneak zeintzuk diren:  Artekaleko plaza (plaza bakoitzean bi ibilgailu aparkatzea galarazi nahi da)), Goiko Plaza (iturriaren inguruan aparkatzea debekatuz), liburutegiaren aurreko aparkalekua eta Gernika Etorbidearen goialdea. Ezini zango da aparkatu elizaren inguruan eta kaleetan orokorrean. Horri dagokionez, udalak Laudioko komisariako arduradunekin bilduko da -berea baita trafikoa erregulatzeko eskumena- konpromiso argi alortzeko: arau-urratzaileen kontra jardungo dutela eta astean zehar patruilek ordenantzaren betetzea zainduko dutela.

Ezini zango dute Alde Zaharrean aparkatu autokarabanek, atoiek, quadek eta TARAko 1.000 kilo baino gehiago furgonetek.

Azkenik, ordenantzan ezartzen da sarbide mugatua dagoen ordutegian Geltoki Plazako sarreratik (antzinako futbol zelaia) baino ezin izango dela sartu. Irteteko, sarbide hori zein Hiriko Atea erabili ahal izango da.

Artekaleko obraren amaierako zertifikazioa

Urt 18 2012
artekale

Abenduaren 29an, Arriaga enpresak udalari bidali zion Artekale berriztatzeko obraren amaierako ziurtagiria. Hau da, lanak burututa eta emanda daude. duela urtebete, 2010eko abenduaren 31n, obra jaso egin zen, eta trafikoa erregulatzeko sistema baino ez zen falta. Urtebete igaro da, obrararen amaierako egiaztagiria heldu da, eta zein da egoera? bada trafikoa erregulatzeko sistema ez dela martxan jarri, eta are gehiago, piboteen sistemaren aldaketa onartzen ari garela, bere garaian udalbatzan onartu zirenak zahar geratu direlako eta modernoago  (eta garestiago) batzuk ipini behar direlako. Gainera, oraindik ez dugu eztabaidatu trafikoa erregulatuko duen udal-ordenantzaz. Bide batez: obraren amaierako zertifikazioa badugu, baina kalearen ertzetan dauden koloretako hodiak ahaltu ote dituzte? apaingarri modura utziko dituzte, ala? orain, behingoz, eta lanak amaitu direnetik urtebete joan denean, Artekale garbituko ote dute? Non dago iturria konpontzeko soberan egingo zen diru hori? Udalak noiz hartuko ditu neurriak jendeak kalearen erdian ez aparkatzeko? nahiago al du dirua erabiltzea zoruan barreiatuta dauden erregai-orbanak garbitzeko? Espero dugun bakarra da Goienkale dagoen moduan uztea, mesedez.

Udal-gobernuak alde historikoan trafikoa erregulatzeko proposamena aurkeztu du

Abe 01 2011
hirigune

EAJk alde zaharreko oinezkoen gunea erregulatzeko ordenantza-proposamena aurkeztu digu. Orain, oposizioko taldeek aztertu eta proposamenak egin behar ditugu. EAJren proposamena ondorengoa da: trafikorako zabalik egotea astelehenetik ostiralera goizeko 6etatik arratsaldeko 4ak arte, zapatuetan goizeko 6etatik arratsaldeko ordu biak arte, eta domeketan itxita. Itxita dagoen bitartean, soilik sartu ahal izango dira, txartel bidez, garajerik ez daukaten bizilagunak, garaje-plaza daukaten jabeak edo maizterrak eta merkatari eta ostalariak.

Edozelan ere, kontuan izanda udalbatzak oraindik sarbidea kontrolatzeko sistemaren aldaketa onartu behar duela (aurretik onartutakoak ez diren pibote ezberdinak), udalean eztabaida egin behar dela, Urizahar elkarteari eta merkatariei aurkeztu behar zaiela, alegazioak aurkezteko jendaurreko epea ireki beharra eta abar, baliteke udaberrira arte abian ez jartzea erregulazio berri hau. Hau guztia EAJk aurreko legealdian hain garrantzitsua den gai honen inguruan izan duen patxadaren ondorioa da.

Gure erronka: irisgarritasuna

Mai 18 2011
06Mariajesus

Artziniega bizitzeko leku atsegina izatea bermatu egin behar da, leku bat non oinez joatea mugitzeko modu nagusia izango den eta mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei zirkulatzea eragotziko dieten hesi arkitektonikorik ez dagoen.

Hurbiltasunak abantailak baino ez dakartza. Artziniega neurri txikiko herri da, eta dena dago hurbil. Herriguneko edozein leku beste edozein lekutatik 5 minutura daukagu, eta horrek pentsarazi behar digu nola mugitzen garen eta nola mugitu beharko genukeen. Bildu Artziniegan uste dugu oinezkoak bere lekua berreskuratu behar duela eta lehentasuna izan beharko lukeela. Jakina, hori aparkalekuen eta oinezko bideen planifikazio egoki batez egin behar da. Erakundeak arlo honetan inplikatzeko lan egingo dugu.

  • Eskola-bide seguruak.
  • Artziniega aparkalekuekin dagoen arazoari irtenbide bat eman behar zaio, aukerak aztertuz eta ekinez.
  • Gordexolarako errepidea zabaldu eta egokitzea.
  • Jauregiko aparkalekua hobetu.
  • Kirol-gunerako bidegurutzea egokitu.

Mugitzeko zailtasunak dituzten kolektiboei irisgarritasuna bermatuko diegu Garaiak aurrera egin ahala, hiri barruan mugitzeko arazoak dituzten pertsonenganako sentsibilizazioa gero eta handiagoa da. Hortaz, Artziniega prestatuta egon behar da inork ez dezala oztoporik izan eguneroko bizitza normaltasunez egiteko. Udal-eraikinetan, bide publikoetan eta azpiegituretan ez da hesi arkitektonikorik egon behar.

Horrezaz gainera, larrialdietan esku hartzeko eta laguntzeko talde bat sortzea eta koordinatzea bultzatuko dugu, prestakuntza eskainiz. Badago prest dagoen pertsona-talde bat, eta horri ekitea baino ez da falta.